Podcast: Play in new window | Download

Kaixo, zer moduz? Ongi etorri Autoretza podcasteko sail berezi batera. Lau programa horietan, Ainara LeGardon musikari eta jabetza intelektualean adituak, eta hitz egiten dizuen honek, Alberto Cortések, ERA Magazine podcastaren arduradunak, hainbat diziplinatako artistekin hitz egingo dugu.
Gai interesgarri batzuei buruz hitz egingo dugu; besteak beste, beren sorkuntza-prozesuei buruz, beren proiektuen autogestioari buruz, aurkitzen dituzten zailtasun eta erronkei buruz eta jabetza intelektualaren inguruan duten esperientziari buruz.
Oraingoan, Itziar Sistiagarekin hitz egingo dugu. Idazlea da, blogaria eta idazketa sortzaileko eta idazketa emozionaleko irakaslea. Bere blogean, aholkuak eta baliabideak partekatzen ditu literatura-autogestiorako, eta, horrez gainera, mentoretza- eta laguntza-zerbitzuak eskaintzen dizkie idazketaren munduan beren bideari ekitea erabakitzen dutenei. Bere jardunean, lizentzia libreak erabili ditu, eta berak argitaratzen ditu bere liburuak. “Lejos en mí” eta “El Veto” eleberriak idatzi ditu, eta duela hilabete eskas argitaratu du bere hirugarren eleberria, “Maldito Gorri, la biografía novelada de Agustin Galabide”.
Itziarrekin izan genuen elkarrizketan, honako gai hauek jorratu genituen:
• Has gaitezen berrienetik, azken nobelatik alegia, konfinamenduan amaitu eta duela gutxi aurkeztu duzu eta. Zer moduz joan dira aurkezpenak?
• Prozesu desberdina izan al da zure beste lanen aldean?, enkargu baten ondorioz sortu zela esan baitaiteke. Nola aurkitu zara tesitura horretan? Gustatu al zaizu horrela lan egitea?
• Irakurri dut autoedizioaren prozesua oso gogorra dela, lan handia eskatzen duela, baina uste duzu hori izan dela bide zuzena? Zure idazle-bizitza erosoagoa izango al zen, argitaletxeren batekin sinatu izan bazenu?
• Amazon plataforma erabiltzen duzu zure argitalpenak saltzeko. Zer esperientzia duzu “munstro” handi horrekin? Izan ere, guk askotan aipatu dugu Egiletzan plataforma handi horiek zein arreta gutxirekin tratatzen dituzten egileak, musikaren arloan behintzat. Nola da literaturaren arloan?
• Guk, hain zuzen ere, jabetza intelektualari buruzko aholkularitza baten bidez ezagutu genuen elkar, eta hitz egiten aritu ginen lizentzia libreek nolako aukerak ematen dituzten testuak argitaratzeko orduan. Oraindik erabiltzen dituzu? Nola kudeatzen dituzu zure eskubideak?
• Uste duzu garrantzitsua dela autoargitaratu nahi duten pertsonek gauza batzuk jakitea jabetza intelektualari buruz?
• Idazle izateaz gainera, tailerrak ematen dituzu eta beste pertsona batzuei laguntzen diezu idazketa- eta autoedizio-prozesuetan. Zer ematen dizu horrek guztiak?
Eskerrik asko, Itziar, zure esperientzia gurekin partekatzeagatik; eskerrik asko, astero jarraitzen gaituzuen entzuleoi, eta, oraingoan, eskerrik asko, Irungo Udalari, Autoretza sail berezi hau egitea ahalbidetu baitu, “Sorkuntza-jarduerak sustatzeko” laguntza batekin. Hurrengora arte!